| |
Jean Hiriart-Urruti (1859-1915) hazpandarraren testu antologia zabala da Ni kazeta-egilea naiz liburua, berak behin eta barriro esaten eban esaldia erabilita.
Hiriart-Urrutik 25 urte emon zituan Larresoroko Seminarioan irakasle eta beste hainbeste Eskualduna astekarian kazetari eta buru. Bere burua kazetaritzat eukan eta euskal kazetaritzan ezinbestean kontuan hartu beharreko eredua dogu.
Eskualduna aldizkariaren arduraduna zala hainbat arlotan ekarri ebazan barrikuntzak. Gaietan gorrien makila eta euskaldun laborarien argitzaile izan zan eta era guztietako irakurgaiak agertu zituan: jostagarriak, jakintzazkoak edo jakintzaren zabalkunderakoak, kritika artikuluak. Idazleak batu, bultzatu eta gidatu zituan, zelan jokatu behar eben finkatu eta erakutsi eutsien Hiriart-Urrutik. Euskeraren aldetik irakurleek ustez behar eben guztia euskeraz eskaintzen ahalegindu zan, ardura handia eukan euskera ona eta xuxena erabilteko, eta bai lortu be, Eskualduna ko euskera bikaina aho batez onetsia izan da eta. Aldizkarian euskeraren batasuna finkatzeko urrats handiak egin ebazan, ortografia barritu eta bateratuz, eta morfologia eta lexikoa be bai neurri handi baten. Zabalkundean kazeta Euskal Herrian eta atzerrian hedatu eban.
Liburu honetan harek idatzitako artikuluak batu doguz, erizpide biren arabera: genero berezi edo desbardinetako idazlanen hautu on bat eskaintzea eta aldi eta urte bakotxeko gertaerak eta gaiak jasotzea. Beraz, antologiako idazlanak honetara sailkatuta dagoz: generoka, urtez urteka (1892-1915 bitartean), eta gai-arloka (politika, gizartea, euskara, Frantzia eta mundu zabala, Euskal Herria, berri xahartu eta bazter solas, Mundu Gerra, euskal liburu eta idazleak, istorioak).
Hau ez da berez Hiriart-Urrutiren lanakaz egindako lehenengo antologia. Pierre Lafittek eta Iñaki Caminok egin izan dabez beste edizino batzuk, baina oso mugatuak honen aldean. Aurreko egile biok egindako lanetan artikulu gitxi argitaratu dabez, eta gehienak bardinak dira bien edizinoetan. Gure liburuaren ekarririk handienetakoa testu gehiago agertzea da eta horreetariko asko Hiriart-Urrutirenak direla aurkitzea. Xabier Altzibarrek urteak emon ditu egunkariak arakatzen eta testuak goitik behera aztertzen, horregaitik ondo daki honezkero egile bakotxaren eskua non dagoan igartzen. Horreri esker, irakurleak testu-bilduma ederra eta sarrera-azterketa sakona aurkituko ditu liburu honetan.
|